Badakizu nor naizen?

Patxe naiz!

Patxe naiz.
Gizaki bat naiz.
Nire genero-identitatea irekia eta posiblea da, nahi dudan modukoa izan daiteke.
Pertsona “ertaina” naiz altueran, osaeran eta gaitasunetan.
Pertsona anitza naiz; kolore eta ñabardura asko ditut, eta aniztasunean bizi naiz.
Nire adina adin guztiak dira aldi berean.
Hemengoa eta bertakoa naiz, nonahikoa eta inongoa ez.
Baina, batez ere, izaki aparta naiz, izaki errepikaezina, zu bezalakoa.
Eta hori guztia, bizi naizen lekua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena dudalako, eta, agian, bizi naizen mundua pixka bat hobea egiteko.
Eta nire bihotza, burua eta zentzumenak jartzen ari naiz horretan.

Patxe naiz.
Gizaki bat naiz

Zerbait kontatu nahi dizut

Etxeko leihotik begiratzen dut, kaleetan ibiltzen naiz, eta eskoletan, dendetan, anbulatorioetan, liburutegietan, lantegietan, kiroldegietan, kafetegietan eta parkeetan sartzen eta ateratzen naiz…
Bizi naizen lekua eta garaia behatzen ditut… eta munduaren konplexutasunak eta ziurgabetasunak zapaltzen nautela sentitzen dut.
Albiste txarrak, hemendik eta handik. Bata bestearen atzetik, etenik gabe.
Nire oinen azpian pitzatzen ari dela mundu batean bizi naiz. Sufritzen duten pertsonak. Badirudi dena okerrera doala. Eta gero eta gehiago gainditzen nau.

Jende askok ahal duena salba dadila aukeratu du. Berera joatearren.
Baina ni ez naiz etsitzen. Arreta jartzen dut eta argia ikusten dut. Jende ona ikusten dut. Laguntzen, entzuten, elkarrizketan aritzen, irakasten, ematen, besarkatzen eta partekatzen duten pertsonak…
Eta hainbeste iluntasunen artean argia badagoela sentitzen dut.
Horregatik ez dut amore ematen. Eta ahalegintzen naiz konplexutasuna ulertzen, zaintzen eta erantzuten.
Hori lortzeko, asko bilatu ondoren, zurekin probatu nahiko nukeen zerbait aurkitu dut.

Eta zerbait proposatu nahi dizut

Munduari elkarrekin begiratzea proposatzen dizut.
Funtzionatzen duenaz eta ez duenaz hitz egitea.
Agendak konektatzea: zeurea, neurea, geurea eta planetarena.
Eta jar gaitezen horretan.
Buruz, zentzuz eta egituraz.
Ez baitago eraldaketarik inplikaziorik gabe.

Mundu honek ikusle gutxiago eta inplikatzeko prest dauden pertsona gehiago behar ditu.
Hemen nago zuri entzuteko eta kontzientzia hartzera, aktibatzera eta inplikatzera gonbidatzeko.

Egunerokotik. Kolektibotik. Zauden lekutik. Nahi duzun moduan. Ahal duzun neurrian.